SELEKZIOEN ARTEKO 2013KO MUNDUKO XAKE TXAPELKETA IREKIA.

(2013ko azaroaren 26tik abenduaren 5era, Turkia Antalya hirian).

 

 

            Hamar selekzio aritu ziren txapelketa honetan. Armenia munduko aurreko txapelduna eta Turkia antolatzailea izateagatik sailkatuta zeuden.

 

            Olinpiadaren bidez hiru selekzio sailkatu ziren. Horretarako, seigarreneraino luzatu zen sailkapena. Lehenengo seiak hauek izan ziren: Armenia, Errusia, Ukrania, Txina, Estatu Batuak eta Herbehereak. Errusia, Ukrania eta Herbehereak sailkatu ziren horrela.

 

            Kontinenteetako 4 txapeldun sailkatu ziren: Alemania (Europa), Egipto (Afrika), Estatu Batuak (Amerika) eta Txina (Asia).

 

            FIDEk aukera zuen selekzio bat gonbidatzeko eta Azerbaijan aukeratu zuen. Egun batzuk lehenago Europako Txapelketan garaile izandakoa.

           

ERRUSIA SELEKZIO TXAPELDUNA: BERRIZ MUNDUKO ONENA, GAIZKI HASITA ERE.

 

            Vladimir Kramnik (2.793): 8 partidatan 4’5 puntu (% 56’25).

            Sergey Karjakin (2.756): 8 partidatan 5’5 puntu (% 68’75).

            Alexander Grischuk (2.785): 7 partidatan 4 puntu (% 57’14).

            Ian Nepomniachtchi (2.721): 7 partidatan 5’5 puntu (% 78’57).

            Nikita Vitiugov (2.741): 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

 

 

Vladimir Kramnik, 38 urte.

 

SKarjakin12.jpg

 

Sergey Karjakin, 23 urte.

 

 

Alexander Grischuk, 30 urte.

 

 

Ian Nepomniachtchi, 23 urte.

 

 

Nikita Vitiugov, 26 urte.

 

 

 

 

 

 

            Laster sendatu zuen Errusiak azaroaren 17an irekitako zauria. Orduan Europako titulua galdu zuen. 18 egun geroago titulu garrantzitsuagoa eskuratu zuen: Munduko Txapelketa. Bide batez, palmaresean aldea areagotu du beste selekzioekiko.

 

            Ez zuen hasiera erraza izan. Armeniaren aurka berdindu zuen (2-2), lau mahaietan berdinketa gertatu ondoren. Bigarren txandan, Estatu Batuen aurka 3-1 galdu zuen (Vladimir Kramnikek eta Nikita Vitiugovek galdu zuten).

 

            Gero, bai, zuzendu zuen jarduna txapeldun geratu arte: 2’5-1’5 irabazi zion Txinari (Ian Nepomniachtchik lortu zuen garaipena); 1’5-2’5 Azerbaijani (Sergey Karjakinen garaipenarekin); 3’5-0’5 Alemaniari (Sergey Karjakin, Alexander Grischuk eta Nikita Vitiugoven garaipenekin); 1-3 Turkiari (Kramnikek eta Nepomniachtchik irabazi zuten); 3’5-0’5 Herbeherei (Kramnik, Karjakin eta Vitiugov izan ziren garaile); 1’5-2’5 Ukraniari (Ian Nepomniachtchiren garaipenarekin); eta 2’5-1’5 Egiptori (berriz ere Nepomniactchi irabazle).

 

            Txina eta Ukraniaren aurkako garaipenak izan ziren erabakigarriak, azkenean puntu batera geratu baitziren.

 

            Zenbakiei begiratuta, Ian Nepomniachtchi agertzen da hobekien jardun zuena eta gero Sergey Karjakin.

 

TXINA SELEKZIO TXAPELDUNORDEA: ARERIO ZUZENEKIN GALDU EGIN ZUEN.

 

            Chao B Li (2.679): 8 partidatan 4 puntu (% 50).

Liren Ding (2.711): 8 partidatan 5 puntu (% 62’50).

            Yue Wang (2.725): 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

            Xiangzhi Bu (2.683): 7 partidatan 5 puntu (% 71’43).

            Yangyi Yu (2.668): 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

 

            Txinaren arazoak bigarren txandan hasi ziren. Ukraniaren aurka 1’5-2’5 galdu zuen. Hirugarren txandan Errusiaren aurka ia aukerarik gabe geratu zen, 2’5-1’5 galdu ostean.

 

            Helburua ahalik eta goien geratzea jarrita, Txinak bide arrakastatsuari ekin zion gero: 2’5-1’5 Armeniari, 1’5-2’5 Estatu Batuei, 1-3 Egiptori, 3-1 Azerbaijani, 1’5-2’5 Alemaniari eta 3-1 Turkiari.

 

            Ez zuen titulua eskuratu, baina bigarren izateko balio izan zion susperraldi indartsu horrek. Arerio zuzenekin (Ukrania eta Errusia) galtzeak galarazi zion erabateko arrakasta.

 

            Xiangzhi Bu izan zen Txinako jokalaririk onena (% 71’43).

 

UKRANIA HIRUGARREN SAILKATUTAKO SELEKZIOA: HERBEHERETAKO SELEKZIOA IZAN ZUEN BORRERO.

 

            Vassily Ivanchuk (2.731): 8 partidatan 5 puntu (% 62’50).

            Anton Korobov (2.713): 8 partidatan 5’5 puntu (% 68’75).

            Alexander Moiseenko (2.709): 7 partidatan 4 puntu (% 57’14).

            Yuriy Kryvoruchko (2.701): 7 partidatan 4 puntu (% 57’14).

            Alexander Areshchenko (2.682): 6 partidatan 2’5 puntu (% 41’67).

 

            Bigarren txandan Txinari 1’5-2’5 irabazi zion. Hala ere, azkeneko sailkapenean atzetik geratu zen.

 

            Dena ongi zihoan, seigarren txandaren arte. Orduan ustekabean 2’5-1’5 galdu zuen Herbehereen aurka. Munduko titulua ihes egiten hasi zen.

 

            Azken aurreko txandan agur erran zion tituluari, Errusiaren aurka 1’5-2’5 galduta.

 

            Azkeneko txandan, Armeniari 1’5-2’5 irabazita, ziurtatu zuen hirugarren postua.

 

            Anton Korobov eta Vassily Ivanchuk izan ziren Ukraniako xakelaririk onenak, orden horretan.

 

ARMENIA BOSGARREN SAILKATUTAKO SELEKZIOA: LEVON ARONIANEN JARDUN ONA EZ ZEN ASKI IZAN.

 

            Levon Aronian (2.801): 8 partidatan 6 puntu (% 75).

            Sergei Movsesian (2.700): 6 partidatan 2 puntu (% 33’33).

            Vladimir Akopian (2.681): 9 partidatan 4’5 puntu (% 50).

            Gabriel Sargissian (2.676): 9 partidatan 4’5 puntu (% 50).

            Tigran L. Petrossian (2.660): 4 partidatan 3 puntu (% 75).

 

            Armenia zen aurreko munduko txapelduna, Txinako Ningbo hirian jokatutako txapelketan nagusitu baitzen. Ezin izan zion tituluari eutsi.

 

            Lehenengo txandan Errusiarekin emaitza ona lortu zuen: 2-2. Laugarren txandan Txinaren aurka galdu zuen: 2’5-1’5. Titulurako bidea maldan gora jarri zen, beraz.

 

            Bosgarren txandan huts egin zuen: Berdinketa (2-2) Azerbaijanen aurka. Azerbaijan zerbait ahulduta aritu zen txapelketa honetan, figura batzuren faltan.

 

            Seigarren txandan are deigarriagoa izan zen porrota: 3-1 Alemaniaren aurka.

 

            Azkeneko txandan oraindik bazuen aukera hirugarren postua eskuratzeko, baina duelu zuzenean 1’5-2’5 galdu zuen Ukraniaren aurka.

 

            Levon Aronian izan zen txapelketako onena, baina hala ere Armeniak lau selekzio izan zituen aurretik (Errusia, Txina, Ukrania eta Estatu Batuak).

 

TXAPELKETAREN HISTORIA.

1985. urtean, Suitzako Lucerna hirian: Sobiet Batasuna, garaile; Hungaria, bigarren; Ingalaterra, hirugarren.

 

1989. urtean, Suitzako Lucerna hirian: Sobiet Batasuna, garaile; Yugoslavia, bigarren; Ingalaterra, hirugarren.

1993. urtean, Suitzako Lucerna hirian: Estatu Batuak, garaile; Ukrania, bigarren; Errusia, hirugarren.

 

1997. urtean, Suitzako Lucerna hirian: Errusia, garaile; Estatu Batuak, bigarren; Armenia, hirugarren.

 

2001. urtean, Armeniako Yerevan hirian: Ukrania, garaile; Errusia, bigarren; Armenia, hirugarren.

2005. urtean, Israelgo Beer Sheba hirian: Errusia, garaile; Txina, bigarren; Armenia, hirugarren.

 

2010. urtean, Turkiako Bursa hirian: Errusia, garaile; Estatu Batuak, bigarren; India, hirugarren.

 

2011. urtean, Txinako Ningbo hirian: Armenia, garaile; Txina, bigarren; Ukrania, hirugarren.

2013. urtean, Turkiako Antalya hirian: Errusia, garaile; Txina, bigarren; Ukrania, hirugarren.

 

PALMARESA.

1)    Errusia – 4 titulu.

2)    Sobiet Batasuna – 2 titulu.

3)    Armenia – Titulu bat.

4)    Estatu Batuak – Titulu bat.

5)    Ukrania – Titulu bat.

 

 

 

 

            2013-12-05.

 

                Iturria: “http://wctc2013.tsf.org.tr/index.php?option=com_turnuva&task=fileview&kid=11&lang=en” webgunea.